
Testuinguru errepresibo honetan, eta Ionen aferan eskuartean ditugu informazioak kontuan izanik, Ionen desagerketan gerra zikinaren zantzu argia daudela esan nahi dugu.
Agerraldian irakurri duten testua:
Ion Anza euskal iheslari politikoa, preso ohia eta militantearen desagerketa luzatzen ari da astez aste. Hasieran egindako adierazpen eta agerraldietan hipotesi guztiak zabalik uzten bagenituen ere, aste hauetan guztietan iritzi publikoari jakinarazi zaizkion informazioek Ionen desagerketa ez dela zoriaren ondorioa izan esaten digute.
Aro errepresibo gogorra bizi dugu Euskal Herrian, torturak eta legez kanporatzeak, espetxeetan ematen diren muturreko egoerak eta kolore guztietako polizien jazarpenak. Testuinguru honetan eman dira besteak beste Juan Mari Mujika iheslari politikoaren bahiketa abenduan eta Lander Fernandez euskal preso politiko ohiaren bahiketa maiatzean. Antzeko kasu gehiago ere eman dira hilabeteotan.
Testuinguru errepresibo honetan, eta Ionen aferan eskuartean ditugu informazioak kontuan izanik, Ionen desagerketan gerra zikinaren zantzu argia daudela esan nahi dugu.
PSOE eta UMP alderdiek eskuz esku errepresioaren eta bortizkeriaren bidea hautatu dute Euskal Herrian duten arazoari aurre egiteko. PSOE eta UMP alderdiek errepresioaren frente guztiak ireki dituzte Euskal Herriko sektore independentistari egurra emateko. Errepresioak hamaika aurpegi ditu, eta hauetako bat da gerra zikinarena. Egun Euskal Herrian bizitzen ari garena XXI. Mendeko gerra zikina da, eta gerra zikin honen azken ondorio larria izan da Ion Anza euskal herritarraren desagerpena.
Gerra zikinaz hitz egiten dugunean gure herriaren oroimenean hiltzatuak dauden izen-abizen eta irudiak datozkigu gogora. Muguruza eta Brouard, Lasa eta Zabala, Geresta eta Basajaun. Eta orain Ion Anza.
Izen hauez oroimenak beste izen batzuk ere badakartza gure gogora: GAL, Galindo, Mitterrand, Felipe Gonzalez, Rubalcaba eta Ramon Jauregi. Eta orain Zapatero, Sarkozy, Alliot Marie. Eta gaur, berriz Rubalcaba eta Ramon Jauregi.
Hau da eskuartean dugun egoera, eta egoera honen aurrean hemen bildu gara Ionen senideak, lagunak eta mugimendu ezberdinetan lanean gabiltzan herritarrak. Guk ardura zehatzak jarri nahi ditugu gaur mahai gainean:
Frantziar gobernuari dagokio une honetan Ion Anza euskal herritarrarekin zer gertatu den argitzea. Frantziar gobernuari dagokio Ion aurkitzea eta beharrezkoak diren azalpen guztiak ematea. Aurrez ere gerra zikinaren garai latzenetan frantziar gobernuaren esku hartze zuzena egon zela jakitun gara, beraz, gaur, inoiz baina ozenago esan nahi diogu Ionen desagerketa argitzeko ardura nagusia berea dela.
Euskal Herriko klase politikoari eta erakundeei une honetan sentitzen dugun lotsa eta amorrua adierazi nahi diegu. Euskal Herriko klase politiko legalak hemen ezer gertatu ez balitz bezala parte hartu du hauteskundeetan. Euskal Herriko militante politiko bat desagertu denean inork ez du ausardia nahikorik erakutsi egoera honen aurrean ezer esateko. Horrelako gertaera latz baten aurrean beste aldera begiratzeak hainbeste aipatzen dituzten giza eskubideekiko beraien jarrera zein den erakusten digute. Klase politikoaren hipokresiaren lekuko izaten ari gara Ionen desagerketaren kasuan ere, aurrez herri honetan ematen diren bortizkeria eta ankerkeria askoren aurrean erakutsi duten hipokresia beraren lekuko.
Komunikabide nagusiak gertaera honen aurrean erakusten ari diren isiltasuna eta utzikeriak ez gaitu harritzen. Komunikabide nagusien artean ere hemen lehen eta bigarren mailako herritarrak daude, lehen eta bigarren mailako albisteak daude, eta Ionen desagerketa ez da kasik albiste baten mailara ere iritsi komunikabide askotan.
Espainiar eta frantziar gobernuei bi galdera zuzendu nahi dizkiegu: NON DAGO ION? ZER GERTATU DA IONEKIN?
Hala ere, komunikabide, erakunde eta alderdi politikoaren jarrera negargarriaren aurrean ehundaka, milaka herritarrek erakutsi duten babesa eskertu beharrean aurkitzen gara brigada herritarretan parte hartuz, mobilizazioetan parte hartuz edo familiari babesa eskainiz asko izan dira gertaera larri honen aurrea benetako kezka eta haserrea erakutsi duten herritarrak. Aurrerantzean ere beharrezkoa izango da mobilizazioa eta salaketa Ionen desagerketa argitu eta erantzunkizun mahai gainean uzteko.
Zentzu honetan, ekainak 13, larunbata, arratsaldeko 17:30etan Donostiako Boulebarretik aterako den nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Eta dei egiten diegu herritarrei Donostiako kaleak betetzeko Non da Ion? Lemapean burutu nahi dugun mobilizazio haundi honekin.













0 iruzkinak:
Publicar un comentario en la entrada